Mobility Lab-eko lantaldea martxan da
Vitoria-Gasteiz Araba Mobility Lab Fundazioa abian da erabat. Euskal Herriko Unibertsitatearekin hitzarmena sinatu ondoren, hiriko eta lurraldeko mugikortasunari buruzko proiektuak garatzeko, aste honetan bertan hasiko da lanean Mobility Lab-eko lantaldea. Gerentzia, teknikari eta administrari lanpostuak beteko dituzten hiru pertsona dira.
Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak bultzatutako proiektu honetan urrats handia da, Gasteizek eta Arabak etorkizuneko mugikortasun-sistemak, bai pertsonen garraioaren arloan bai logistikaren esparruan, ingurune erreal batean probatzeko balioko duen zentro bat izan dezaten. Horregatik, Mobility Lab-a esploratzeko espazio fisiko gisa sortu da, logistikan eta mugikortasunean berrikuntza proiektuak baldintza errealetan garatu eta probatzeko.
Kudeatzailea Iñigo Bilbao izango da, Donostiako Arkitekturako ETSko goi-mailako arkitektoa (EHU) eta Spanish Office of Science and Technology-ko (SOST-CDTI-Bruselas) Europako Proiektuen Kudeaketako espezialista. Kudeaketan esperientzia handia du, Euskadiko Garraio Agintaritzan (EGA) aritu zen, eta Arabako Garraio Agintaritza (ATA) martxan jartzen parte hartu zuen. Orain arte, Belgikako FINNOVA fundazioan lanean aritu da, mugikortasunarekin lotutako hainbat proiektutan, European Institute of Innovation and Technology (EIT) erakundearen esparruan.
Arduradun teknikoaren postuan Leire Balzategi, Euskal Herriko Unibertsitateko Herri Lanetako Ingeniari Teknikoa eta Kantabriako Unibertsitateko Bide, Ubide eta Portuetako Goi Mailako Ingeniaria egongo da. Leeds-eko unibertsitatean Garraioen Plangintzan eta Ingenieritzan Masterra ikasi zuen. Erresuma Batuko eta Euskadiko garraioaren plangintzan eta modelizazioan esperientzia du, eta orain arte Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterreko Arlo Estrategikoen arduradun izan da.