Scroll Top
C/ Albert Einstein 44, Edif. 6, Ofic. 309 (Parque Tecnológico de Álava) Vitoria-Gasteiz, Álava 01510, ES

NOTICIAS

MOBILITY LABEK MILIOI BAT EURO BAINO GEHIAGOKO EKIPAMENDUAK ETA AZPIEGITURAK EROSIKO DITU ARABAN ETA GASTEIZEN MUGIKORTASUNA HOBETZEKO

Jarduera horri esker, Fundazioa hiri-mugikortasuneko eta logistikako berrikuntzagune gisa sortu zenetik garatzen ari den esperimentazio-espazioak hornituko dira

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak bultzatutako Mobility LAB Fundazioak gaur jakinarazi du milioi bat euro baino gehiagoko ekipamendu eta azpiegitura berriak erosi dituela hainbat esperimentazio-espaziotan instalatzeko, Araban eta Gasteizen mugikortasuna hobetu ahal izateko. Ekintza horrez gain, beste jarduera batzuk ere aurrera eramaten ari da Mobility LAB Fundazioa Arabako lurralde historikoan hiri-mugikortasuneko eta logistikako berrikuntzagune gisa sortu zenetik, hala nola Innovation Lab esperimentazio-espazioak.

Erositako ekipamenduak eta azpiegiturak honako hauetara joango dira, zehazki: Arabako edukiera handiko bideetara; Gasteizko mugikortasun aktibo, mikromugikortasun, bide-segurtasun eta irisgarritasun eta garraio publiko adimendunera; Gasteizko salgaien hiri-banaketara (SHB) eta aparkalekuaren kudeaketara erdialdeko superetxadian eta TAO eta emisio txikiko eremuetan.

Guztira, bost kontratu dira, milioi bat eurotik gorako zenbatekoarekin. Horien bidez, batetik, ibilgailuen zirkulaziorako edukiera-ekipamenduak hornitu eta instalatu ahal izango dira, bai eta haiek sailkatu ere, eta Arabako Lurralde Historikoko Foru errepide Sareko (edukiera handiko bideak, AP-1, zehazki) ustiapen-softwarea jarriko da.


Mobility Lab Fundazioak egingo duen beste ekintzetako bat da Arabako Lurralde Historikoko errepideetan aldagai atmosferikoen sentsoreak (SEVAC estazio meteorologikoak) hornitzea, instalatzea eta martxan jartzea. Sentsore horiek errepideei buruzko datuak emango dituzte urtaro desberdinetan.

Era berean, Fundazioak proposatu duen beste kontratu bat da kamera adimendunen hornidura, instalazioa eta euskarri-zerbitzuak, Latinoamerikako biribilguneen eta Jundizeko sarbideen inguruan (Zurrupitieta kalea, Lermandabidea kalea eta Mendigorritxu kalea) dauden edukiera handiko bideak eta sarbideak eta garraiobideak monitorizatu ahal izateko.

Bestalde, azpiegituraren hornidurarako, instalaziorako eta euskarri-zerbitzuetarako kontratua ere egingo da, aparkaleku eta zamalanetarako plazak monitorizatu ahal izateko kamera adimendunen bidez, Gasteizko hiriko hainbat puntutan erabileraren intentsitatea, balizko arau-hausteak eta erreserben kudeaketa ezagutzeko.

Azkenik, negu-partean oso garrantzitsua den alderdi bati helduko dio azken kontratuak, hau da, Arabako Foru Errepide Sareko Zaintza eta Bidezaintza Ataleko Neguko Bidezaintza Baliabideen Kudeaketarako Informazio Sistemaren NIEVES aplikazioa eguneratzeko eta berritzeko laguntza-zerbitzuak eskuratzea.

“Proiektu hau funtsezkoa da Arabarentzat eta Gasteizentzat ondo konektatutako lurralde baten eta lurralde industrial eta logistiko baten aldeko apustuan. Martxan dauden apustuen jarraipen logikoa da, hala nola gaitasun handiko garraio adimendunarena edo Forondako aireportua hub logistiko bihurtzearena”,  esan du Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusiak. “Mundu mailan abangoardiako posizioa lortu nahi dugu tamaina ertaineko hiri eta lurraldeen artean, lehen mailako bazkide globalen eskutik soluzio berritzaile eta jasangarriak erabiliz”, adierazi du.

 Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkatearen iritziz, bost kontratu horiek, milioi bat euro baino gehiago balio dutenak, “Gasteizko eta lurraldeko mugikortasuna aztertzeko aukera emango digute, teknologia aprobetxatuz. Berrikuntzaz ari gara, benetako inguruneetan konponbideak bilatzeaz eta etorkizuneko mugikortasuna planteatzeko lankidetzaz “. Etxebarriaren ustez, “esperimentazioak soluzioak aurkitzea ahalbidetzen du, goraka doazen berrikuntza teknologikoak, mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua eta kalitatezko enplegua sortzeko eta talentua erakartzeko aukerak kontuan hartuta”.

Aurkezpenean, Iñigo Bilbao Mobility LAB zuzendariak adierazi duenez, “ekipamendu horiek, Arabako trafikoa eta mugikortasuna hobeto kudeatzen laguntzeaz gain, Mobility LAB gisa funtsezko bi helburu betetzeko aukera emango digute: gure zortzi esperimentazio-espazioak teknologiaz hornitu ahal izatea, egiten diren testak monitorizatu ahal izateko, lehen, bitartean eta ondoren, eta, bestetik, Arabako Kalkulu Zentroaren laguntzarekin eraikitzen ari garen mugikortasun- eta logistika-datuen gunea elikatzea.