MOBILITY LAB-EK MUGIKORTASUN ADIMENDUNAREN ETA AUTOMATIZATUAREN EKOSISTEMA EUROPARRA ELKARTU DU, LURRALDEAREN AURRERAPENAK ERAKUSTEKO
POLIS, Europako hirien eta eskualdeen garraio-irtenbide berritzaileen sareak, Euskadiko Parke Teknologikoko Gasteizko Campusa aukeratu du puntako garapenak ezagutzeko.
Ekainaren 3an eta 4an egindako ekitaldian, Mobility LAB izan da POLISeko Mugikortasun Adimenduna eta Trafiko Sistemak lan-taldearen anfitrioia, eta hiru ibilgailu lanean ikusteko aukera izan du bere esperimentazio-espazioan.
Zehazki, BasqueCCAMek gaur egun hiriko, hiriarteko eta landaguneko pilotuetan erabiltzen ari den ibilgailu sentsorizatuetako bat erakutsi du; Tecnaliak eta Masermicek buggy autonomo operatibo bat erakutsi dute; eta Mendizabala LHHII-k Mobility LABek lagatako auto autonomo baten plataforma fisikoa eraman du, Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan.
Zortzi esperimentazio gune edo ‘living labs’ ditu Mobility LABek. Horietako bat Parke Teknologikoko aparkalekua da, eta bertan izan dira erakustaldiak. Hiriko ‘laborategia’ da, eta Europako beste leku batzuekin konparatuta aitzindaria, mugikortasun kooperatiboaren esparruan, konektatua eta automatizatua.
Vitoria-Gasteizko Mobility LAB Fundazioak, Euskadiko Parke Teknologikoko Gasteizko Campusarekin batera, POLISeko Mugikortasun Adimendunaren eta Trafiko Sistemen lantaldearen bilera hartu du ekainaren 3an eta 4an. POLIS garraio-irtenbide berritzaileen alde lankidetzan diharduten Europako hiri eta eskualdeen sarea da. Europako delegaritza bat gerturatu da Miñaora, mugikortasun kooperatibo, konektatu eta automatizatuaren (CCAM, ingelesezko siglak) esparruan euskal garapenak ezagutzeko.
Gasteiz funtsezko sare horretako kide da CCAMi dagokionez. Izan ere, kontinentean sektore horren aldeko apustua egiten ari da gaur egun, eta Mobility LABen eta Ingurumen Gaietarako Ikastegiaren (CEA) bidez antolatzen du parte-hartzea. Ekosistema horren barruan, hiria erreferente nagusi bezala agertzen da: “Europa une estrategiko batean dago, mugikortasun kooperatibo, konektatu eta automatizatua esperimentaziotik benetako hedapenera nola igaro zehazteko. Era horretako topaketak funtsezkoak dira hiriak, eskualdeak eta berrikuntza teknologikoa konektatzeko, ezagutzak partekatzeko eta garatzen diren irtenbideek etorkizuneko mugikortasunaren benetako beharrak asetzen dituztela ziurtatzeko”, adierazi du Laura Babío Somozak, POLISeko Smart Mobility Cluster Lead.
Euskadi CCAMen abangoardian dagoela agerian utzi du ekitaldiak, eta, ondorioz, lurralde-mailan ez ezik, Europa mailan ere garrantzi handia izan du: delegaritza Arabara hurbildu da CCAMen benetako esperientziak ezagutzeko. Izan ere, CCAM oso eremu interesgarria da Europako funtsen hartzaile gisa.
Euskadi abangoardian
Arabako CCAMen barruan, Mobility LABek ibilgailu konektatu, autonomo eta garbiaren eredu bat garatu du. IDSAk 2024an MOVDATA izeneko Datu Espazioa ziurtatzeko aukera eman zion lehen erabilera kasua izan zen. “Gertaera hura, ekitaldi hau bezala, ekosistemaren potentziaren eta Europako sareekin konektatzearen garrantzia islatzen duen beste adibide bat da. Mobility LABen, dagoeneko, MOVDATen datuak partekatzen eta esperimentazio-espazioak erabiltzen ari diren erakundeak ditugu, hala nola gaur gauden aparkalekua. Horri esker, ideia berritzaileak barneratu daitezke proiektu zehatzetan, non unibertsitateek eta lanbide-heziketako ikastetxeek ere parte hartzen duten, etorkizuneko mugikortasunak behar duen talentua sortzeko”, azaldu du Iñigo Bilbao Ubillosek, Mobility LABeko zuzendariak.
Zehazki, Mobility LABek Mendizabala LHII-ri laga dion auto autonomo baten plataforma fisikoa ezagutu ahal izan dute bertaratutakoek, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean. Proiektuak, ‘Autonomous Campus’, aukera ematen die ikasleei ibilgailuen telemetriarekin lan egiteko denbora errealean, simulazioekin lan egin beharrean. Urtebete barru amaitzea aurreikusten da, eta ibilgailu konektatu, autonomo eta garbiaren esperimentazio-espazioan pilotatuko da. “Urrats erabakigarria da kontrolatutako inguruneetan gidaririk gabe ibiltzeko gai diren ibilgailuak ezartzeko. Teknologia horretarako aurreikusitako erabilera nagusietako bat enpresen eta eraikinen arteko materialen eta merkantzien garraio autonomoa izango da”, azaldu du Unai Ochoa de Aspuru Uribek, Mendizabala LHIIko zuzendariak.
Gaur egun BasqueCCAM hiriko, hiriarteko eta landako pilotuetan erabiltzen ari den ibilgailu sentsorizatuetako bat ere ikusi ahal izan da. “Euskadik baditu jada hedatutako ingurune paregabeak mugikortasun konektatuko, kooperatiboko eta automatizatuko teknologiak probatzeko eta baliozkotzeko, baldintza errealetan. BasqueCCAMen helburua da pilotu horietan lortutako ezagutza eta ebidentziak mugikortasuna, bide-segurtasuna eta industria-lehiakortasuna hobetzeko irtenbide bihurtzea, Euskadik CCAMen duen Europako lidergoari lagunduz. Aurrerapen horiek Europako hiri eta eskualdeekin partekatzea funtsezkoa da Europan CCAMen hedapen segurua eta koordinatua bizkortzeko ibilbide-orri komun bat eraikitzeko”, jakinarazi du Sara Ahetze Puignau Arrigainek, BasqueCCAMeko zuzendari teknikoak.
Azkenik, Masermic-ek Tecnaliarekin batera garatu duen ibilgailu autonomoa, buggy autonomo operatiboa, funtzionamenduan ikusteko aukera izan dute bertaratutakoek: “Ibilgailu honek erakusten du automatizazio eta nabigazio autonomoko teknologiak errealitate operatiboa direla ingurune kontrolatuetan, etorkizuneko mugikortasuna garraio eta zerbitzuetako aplikazio errealetara hurbilduz, eta industria eta zentro teknologikoak berrikuntza soluzio ukigarri bihurtzeko elkarlanean ari direnean sortzen den balioa agerian utziz”, adierazi dute Joana Gracia Acha Tecnaliako Mugikortasun Arloko zuzendariak eta Ion Iriondo Vila Masermic enpresako Negozio Garapeneko zuzendariak.
Erakustaldi guztiak Euskadiko Teknologia Parkeko Gasteizko Campuseko E6 Aparkalekuan egin dira, Mobility LABek mugikortasun- eta garraio-irtenbide berritzaileak probatzeko dituen zortzi esperimentazio-guneetako bat. Horrela, espazio hau hiri ‘laborategi’ bat da, eta mugikortasun kooperatiboaren esparruan aitzindaria Europako beste leku batzuekin konparatuta, konektatua eta automatizatua.
CCAM, Europako mugikortasunaren funtsezko esparrua
CCAM Europan fase erabakigarria izaten ari da. Gaur egun, benetako inplementazioak prestatzen ari dira mugaz gaindiko proiektu pilotuekin eta eskala handiko ekimen erakusleekin, eta esparru arautzaileak eta teknikoak berehala garatzen ari dira.
Testuinguru horretan, hiriek eta eskualdeek funtsezko papera izango dute trantsizio horretan, bai inplementatzaileak, bai erregulatzaileak, azpiegituren kudeatzaileak eta CCAM integratzaileak garraio publikoan eta mugikortasun eta logistika multimodaleko zerbitzuetan.
Ekitaldia aukera paregabea izan da Euskadi abangoardian dagoela erakusteko, bai azpiegiturari dagokionez, bai garapenari dagokionez, eta bertaratutakoei aukera eman die ibilgailu automatizatuekin zuzenean esperimentatzeko, proba-ingurune errealetan erakustaldiak ikusteko eta instalazio espezializatuak bisitatzeko.
Erakustaldiez gain, EUROCYBCAR ere bisitatu dute parte-hartzaileek. Bertan, CYBERCARLAB ezagutu ahal izan dute, ibilgailuen zibersegurtasuna neurtzen eta ziurtatzen espezializatuta dagoen munduko lehen laborategia, eta ibilgailu konektatuen zibersegurtasun-ziurtapeneko prozesuak ulertu eta ‘living lab’-ak CCAMen esperimentazioa, baliozkotzea eta inplementazioa nola sustatzen ari diren ikasi.
Ekosistema garatzeko bi jardunaldi
Gaurko jardunaldia gero martxan jarri diren ibilgailu autonomoen garapenetara hurbilduz hasi da. BasqueCCAM, Tecnalia, Masermic eta Mobility LABen erabilpen-kasuaz gain, Kapsch TrafficCom-ek, Mobility LABeko patronatuko kideetako batek, CCAMek ibilgailuen eta azpiegituraren arteko komunikazioan (V2I) dituen aurrerapenak aurkeztu ditu.
Bitartean, atzoko jardunaldia CCAMen esparruan egin berri diren berrikuntzen hurbilketa izan zen, eta tokiko hizlariekin saio bat egin zen. Alde batetik, Daniel Ricok, aplikazioen segurtasuneko arduradunak eta Cybertix-eko zibersegurtasuneko analistak, zibersegurtasunerako erronkak eta ibilbide-orriak jorratu zituen CCAMen eremuan. Bestetik, Patxi Etxegaray Irizarreko elektromugikortasuneko negozio-garapenaren arduradunak gidariari laguntzeko sistema aurreratuak eta autobusetan ezarritako CCAMen garapenak erakutsi zituen.
Azken batean, euskal mugikortasunerako mugarri horrek tokiko testuingurua Europakoarekin lotzea ahalbidetu du, baterako ekimenak bultzatzeko, Europako proiektuetan parte hartzea sustatzeko eta esperientziak trukatzeko.

