MOBILITY LAB FUNDAZIOA MADRILGO GLOBAL MOBILITY CALL EKITALDIAN IZANGO DA CICLOSFERA CITY PROIEKTUAREKIN PARTEKATUTAKO STAND BATEKIN, BH-MONTY BIKES ETA BLINK ETXEEKIN BATERA
Enterprise Innovative Mobility Summit topaguneak antolatutako “Enpresetan hartu beharreko mugikortasun jasangarriko modu berriak” gaiari buruzko eztabaida-mahaian parte hartuko du Mobility Lab Fundazioak
Mugikortasun jasangarriari buruzko erreferentziazko topagunea delako joango da aurten Mobility Lab Vitoria-Gasteiz Fundazioa azaroaren 19tik 21era Madrilen izango den Global Mobility Call ekitaldira. Ciclosfera CITY proiektuarekin partekatutako stand batean izango da bertan Mobility Lab Fundazioa, BH-Monty Bikes eta Blink etxeekin batera. “Urrezko aukera da mugikortasunaren arloaren barruan sinergiak trukatzeko eta, aurten zehazkiago, Gasteizek eta Arabak bizikletaren alde bizikletak dituen alderdi ugarietan egin duten apustua indartzeko: mugikortasuna, fabrikazioa, azken miliako banaketa eta aisia”, Mobility Lab Fundazioko zuzendari Iñigo Bilbaok adierazi duenez. Foru-aldundiak eta udalak bizikleta babesteko politikak ere zabalduko dira standean, hala nola Arabako Bizikletaren Estrategia edo VGbiziz: Bizikletentzako aparkaleku seguruen sarea.
IFEMA Madril azoka-esparruan izango den Global Mobility Call ekitaldiak sakon aztertuko du mugikortasunaren oraina eta geroa, eta mugikortasun jasangarriaren garapenean inplikatutako sektoreetako enpresen alorreko zein Estatuko eta nazioarteko erakunde eta instituzioetako eragile nagusiek parte hartuko dute horretarako.
“Horrelako nazioarteko azoketan egoteak gure ingurunean ezarri edo gure ingurunera egokitu daitezkeen beste herrialde eta beste erkidego batzuetako errealitateak eta produktu berritzaileak ezagutzea ahalbidetzen du”, Mobility Lab Fundazioko zuzendari Iñigo Bilbaok adierazi duenez. Era berean, topagune hauek une honetan fundazioan egiten ari diren proiektuei buruzko iritziak azaltzea eta trukatzea ere ahalbidetzen dutela adierazi du. “Pertsonen mugikortasun jasangarriari buruzko nazioarteko ekitaldi bat da, eta industria eta alderdi interesdun guztiak elkar lotzen ditu esperientziak eta networkinga sortzeko helburuarekin”, Bilbaok esan duenez.
Datuguneei buruzko workshopa
Global Mobility Call ekitaldiaren programaren barruan, datuguneei buruzko workshop batean eta Hirien Etorkizuna proiektuak antolatutako Berrikuntza Foroan parte hartuko du Mobility Vitoria-Gasteiz Fundazioak urriaren 20an, asteazkena. Alor horretan, Mobility Lab Fundazioa, Arabako Kalkulu Zentroaren laguntzarekin, Arabako Mugikortasunari eta Logistikari buruzko Datugune bat eraikitzeko ari da lanean, gune hori gako-erreminta izango baita mugikortasunaren kudeaketa hobetzeko eta datuan oinarritutako proiektu berritzaileak erakartzeko.
Era berean Standtrack proiektuko saioetako batean egongo da. Mobility Lab Vitoria-Gasteiz Fundazioa bera ari da proiektu hori lantzen EIT Urban Mobility ekimenarekin batera, eta CITET Logistikarako eta Salgaien Garraiorako Berrikuntza Zentroak gidatzen du. Fardelen trazabilitatea eta banaketa-kateko agenteen arteko komunikazioa errazten duen plataforma intermodal estandar baten bidez hiri-inguruneetan salgaien banaketa hobetzea da proiektu horren helburua, eta pilotu bat garatuko du laster Gasteizen.
Era berean, azaroaren 21ean (osteguna) Enterprise Innovative Mobility Summit topagunea gauzatuko da, eta “Enpresetan hartu beharreko mugikortasun jasangarriko modu berriak” gaiari buruzko eztabaida-mahai bat antolatuko da, mugikortasuneko soluzio jasangarriagoak hartzera zerk eraman dituen azalduko duten zenbait enpresatako ordezkarien parte-hartzearekin.
Mobility Lab Vitoria-Gasteiz Fundazioko zuzendari Iñigo Bilbaok parte hartuko du mahai horretan, eta harekin batera izango dira Carmen Marín, marketineko zuzendaria, BCD Travel eta BCD Meetings & Events; María Gutiérrez, Projects and Services Manager, Pfisterer; Gerardo Gómez, kontu korporatiboen zuzendari komertziala, Enterprise Mobility; Beatriz Aceitón, salmentetako zuzendaria, bidaietako eta ekitaldietako agentziak, Enterprise Mobility.
“Miñaoko Parke Teknologikoan lantzen ari garen proiektuak ezagutarazi nahi ditugu etorkizunean egunero etxetik lanera eta alderantziz joaten diren langileen mugikortasuna hobetzeko”, Iñigo Bilbaok adierazi duenez.
Zenbait eragile publiko eta pribaturen eskutik sektore honetan jada etorkizuna markatzen ari diren zerbitzu, soluzio eta proiektuen eskaintza espezializatu bat erakutsiko du Global Mobility Call ekitaldiak GMC Expo gunean. Gainera, akordioak, kolaborazioak eta negozio- eta inbertsio-aukera berriak sustatuko dituen networking plataforma bat eratuko du.
Bestalde, GMC Congress guneak sektoreko nazioarteko lider gorenak bilduko ditu jasangarritasunari buruzko edukien agenda handiena artikulatuko duten neurriak, baliabideak eta proiektuak ezartzeko funtsezko ardatz-gaiak aztertzeko.
Munduko hiriak: mugikortasunaren plangintza
Global Mobility Call ekitaldiaren hirugarren edizioaren berritasun gisa munduko hiri ugarietako ordezkarien presentzia handia nabarmentzen da, eta mugikortasunaren, hiri-plangintzaren eta inbertsioen alorrean egin dituzten aurrerapausoak partekatuko dituzte guztiek ere.
Horrela, hainbat hiri, hala nola Stuttgart, Kopenhage, Brusela, Bolonia, Milan, Krakovia, Stockholm, Oslo, Bordele, Budapest, Chicago, Boston, Cincinnati, Aurora, Portland, Istanbul, Guimaraes, Barcelos, Kreta, Atenas, Valdivia (Txile), Hermosillo (Mexiko), Montería (Kolonbia), baita Costa Ricako, Erresuma Batuko edo Irlandako beste batzuk ere, ordezkatuta egongo dira azaroaren 19tik 21era IFEMA MADRILEN egingo den mugikortasun jasangarriaren ekitaldi handienean.