LOGISTIKARI ETA AZKEN MILIAKO BANAKETARI APLIKATUTAKO DATU ESPAZIOEI BURUZKO JARDUNALDIRAKO IZEN-EMATEAK ETA PROGRAMA OSOA, JADA ESKURAGARRI
Ekitaldia Arabako enpresei zuzenduta dago, eta benetako proiektuen, arrakasta-kasuen eta esperientzia inspiratzaileen bidez hurbilduko du teknologia hori. Horretarako, Arabako Kalkulu Zentroko, Adif-eko edo Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioko ordezkariek parte hartuko dute, besteak beste.
IZEN-EMATE IREKIAK
Datuen espazioek logistika intermodala eta azken miliako hiri-banaketaren eraldaketan duten potentziala hurbiltzeko helburuarekin, Mobility LABek jardunaldi bat antolatu du Arabako enpresa-ehunari zuzenduta, Gasteizko Garraio Intermodalaren Zentroarekin lankidetzan. ‘Logistika intermodala eta hiri banaketa bultzatzeko datuak’ izenburupean, ekitaldia urtarrilaren 21ean egingo da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, eta izena emateko epea zabalik dago jada.
Jardunaldiaren helburua da askotan konplexu edo urrun gisa hautematen diren datuen espazioak benetan eskuragarriak direla erakustea, eta Arabako ekosistema logistiko eta industrialaren eraginkortasuna, konektibitatea eta jasangarritasuna hobetzeko tresna estrategiko bihur daitezkeela azaltzea. Horretarako, programak ikuspegi praktikoa eta benetako kasuetan oinarritua eskainiko du, eta, horrez gain, Datuen Espazioen Kitaren bidez eskaintzen diren laguntzez nola baliatu azalduko da.
Jardunaldia Mobility LABen aurkezpenarekin hasiko da, Arabako hiri-mugikortasunaren eta logistikaren arloko berrikuntza-gune gisa egiten duen lana azalduz, Iñigo Bilbao zuzendariaren eskutik. Ondoren, Andoni Martín, Arabako Kalkulu Zentroko Eraldaketa Digitaleko Unitateko arduradunak, datuen espazio bat zer den azalduko du, baita logistika-arloan izan ditzakeen aplikazio eta onura nagusiak ere.
Jarraian, Leire Balzategui, Mobility LABeko Berrikuntzako arduradun teknikoak, Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioak finantzatutako eta dagoeneko martxan dauden bi proiektu aurkeztuko ditu: DATADUM (Merkantzien Hiri Banaketa Jasangarriago baterako Datuak) eta DATALOG (Logistika Intermodalerako Datuak). Bi proiektu horiek mahai-inguru bana izango dute ondoren, beren helburuak eta espero diren emaitzak hobeto ulertzeko, beste hiri eta enpresetako benetako kasuen bidez.
Jardunaldiak Adifen parte-hartzea ere izango du, logistika intermodalari aplikatutako datuen espazioen inguruko azken berrikuntzak aurkezteko. Alde batetik, Antonio Aguilar, Merkantzien Garraioaren Sustapenerako zuzendariordeak, tren-autopisten egungo egoeraren berri emango du; penintsulan erreferentziazko bihurtuko den proiektua da, eta Gasteizek funtsezko eginkizuna izango du bertan. SIMPLE plataforma digitala ere aurkeztuko du; plataforma horren helburua da merkantzien garraio multimodalarekin lotutako dokumentuen, datuen eta informazio-fluxuen kudeaketa integratua eta digitala sustatzea, garraio-kateko nodo eta modu desberdinen artean.
Jardunaldiaren amaieran, Antonio Alcolea, Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioaren Datuaren Zuzendaritza Nagusiko Programen, Gobernantzaren eta Sustapenaren azpizuzendari nagusiak, Datuen Espazioen Kitaz nola baliatu azalduko du; laguntza teknologia-soluzio horiek enpresa eta erakundeetan ezartzea errazteko diseinatuta dago.
Parte-hartzea doakoa da, plazak mugatuak dira, eta izen-ematea hemen egin daiteke.
Egitarau osoa
9:00 Akreditazioak
9:30 Ongi etorri instituzionala
Iñaki Gurtubai, Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua
9:40 Mobility LAB, Arabako hiri-mugikortasun eta logistikako berrikuntza-poloa.
Iñigo Bilbao, Mobility LABeko zuzendaria.
9:55 Zer da datu espazio bat?
Andoni Martín, Arabako Kalkulu Zentroko Eraldaketa Digitaleko Unitateko arduraduna.
10:15 Mobility LABen erabilera-kasuak: DATALOG eta DATADUM.
Leire Balzategui, Mobility LABeko Berrikuntzako arduradun teknikoa.
10:35 Esperientzia inspiratzaileen mahaia: DATADUM, azken miliako banaketa
Paul Iano (Eraman Coop, San Martingo microhub-aren operadorea), Regina Enrich (Eurecat, Greenlog proiektua), Carolina Ciprés (Zaragoza Logistics Center, DISCO proiektua). Moderatzailea: Luke Bates (Factual)
11:25 Kaferako etenaldia
11:55 Tren-autobideak eta SIMPLE aplikazioa.
Antonio Aguilar, Salgaien Garraioa Sustatzeko zuzendariordea, Adif.
12:25 Esperientzia inspiratzaileen mahaia: DATALOG, logistika intermodala
Álvaro Alcaraz (Railsider, Jundizeko nodoa/SIMPLE), Aristarco Tomás (Tenalach Consulting), Harbil Arregui (Vicomtech). Moderatzailea: Iñaki Alonso, CTVko arduradun teknikoa.
13:05 Datu Espazioak Espainian hedatzeko estrategia: logistikarako eta mugikortasunerako erronkak eta aukerak. Datu Espazioen Kit-a aprobetxatzea.
Antonio Alcolea, Digitalizazioko eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzako Datuen Zuzendaritza Nagusiko Programa, Gobernantza eta Sustapeneko zuzendariorde nagusia. Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioa.
13:30 Jardunaldiaren itxiera.















